Euskal Rock Erradikala (I)

Ez dakit Euskal Herriko musikan kanonaz hitz egin dezakegun. Kanoniko izan daitezkeen musikari gehienek azken 50 urteetan argitaratu dute, eta ez dakit mende erdi denbora nahikoa den termino hori erabiltzeko. Erdiguneak badira, jakina. Xabier Leteren heriotzaren urteurrenak azken zutabean aipatutako Josetxo Anituarenak baino leku askoz gehiago du egunkarietan, adibide erraz bat jartzearren.

Euskal Rock Erradikala da erdigune interesgarrienetako bat. Haren «jardueraren behin betiko amaitzea» desiratzen nuela esan nuen aspaldi zutabe batean. Hitz-joko ironiko ergel bat izan zen, baina erdigune musikal hori zalantzan jarri behar da, nire iritziz. RRVri balio handiegia eman zaiola uste dut. Soziologikoki oso interesgarria iruditzen zait mugimendua, baina musikalki ez dut uste eskaini zaion atentzioak eskatzen duen maila ematen duenik. Musikari begiratuta, talderik onenek punk ortodoxoa egiten zuten, punkarekin hasi zirenak bide berriak bilatzen hasi ziren sasoian izan bazen ere, punka ere kontserbadore bilakatu zela iritzita. Dena dela, ez dut ezer ortodoxiaren aurka, eta hortik etorri ziren RRVko kantarik onenak. Beste talde batzuek punkak borrokatu nahi izan zuen rock kontserbadorea baino ez zuten egin, edo punketik jai giroko musika errazerako bidea egin zuten. Orokortzea problematikoa da beti, baina ez dut uste talde gehienek nostalgiarik gabeko belarri kritiko baten galbahea pasatuko zutenik.

Mugimendua hurbiletik bizi izan zuen lagun batek dio Euskal Rock Erradikala ez zela ez euskalduna ez erradikala izan: vasco izan zela, gaztelaniazko jatorrizko izenak dioen bezala, eta musikaren aldetik kontserbadorea. Norbaitek esan dezake kanten hitzengatik izan zela «erradikala», baina mugimendu musikal bati erradikal deitzeko, musikak berak erradikaltasuna izan beharko lukeela uste dut; bestela, panfletoak entzuten egongo ginateke eta ez musika, The Ex talde anarkistak dioen bezala.

Berria egunkarian argitaratua (2012-05-17).

Advertisements
Musika atalean publikatua | , , , , , hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

Josetxo

Hamabi urte baino gehiago ez nituen izango garai hartan. Gorpuzti jaietara talde onak zetozela zabaldu zen herrian. Izen bitxiak zituzten: Anphetamine Discharge, Beer Mosh, Sex Museum, Cancer Moon. Kartelak begiratu, eta barre egiten genien izen haiei. Anphetamine, beer, sex. Cancer Mooni ez; hiru urte nituela lau urteko bizilaguna hil zuen minbiziak, eta gorputz osoa estutzen zitzaidan gaixotasunarekin zerikusia zuen edozer irakurtzen nuenean. Ezagunenak Sex Museum zirela esan zigutenez, jendearen elastikoetan haien izena bilatu genuen urte hartako Ibilaldian, baina Pistolsek jarraitzen zuen jendearen kamisetetako Sex bakoitza. Artean ez genekien nor ziren hainbeste kamisetatan azaltzen ziren Sex Pistols haiek.

Handik urte askotara ikusi nuen Josetxo Anitua zuzenean lehen aldiz, modu kontzientean behintzat. Kafe Antzokian izan zen, disko-jartzaile lana egiten zuen toki berean. Hainbat talderen bertsioak kantatu zituen, Atom Rhumbak lagunduta. Agertokian hainbeste transmititzen duten pertsona gutxi ikusi ditut. Gehiago hunkitu ninduen Josetxo Grietarekin lehen aldiz ikusi nuenean. Bilboko taberna batean izan zen. Mattinek anpliarekin borrokan egin, eta edalontziak botatzen zizkigun ikusleoi etengabe. Bitartean, Josetxo mikroarekin bihurritzen zen. Guk edalontziak saihesteko bakarrik kentzen genituen begiak haren mugimenduetatik, Josetxoren ahotsa zetorren tokitik.

Baina grabazioen bitartez izan dut harremanik handiena haren musikarekin: Cancer Moonen diskoak, Jugos de Otrosen zuzenekoa Salón Xanadu jotzen, Josetxo Grietaren diskoak, Le Mans eta Akauzazterekin grabatutako kolaborazioak. Disko horietan, eta talde horietatik pasatu diren pertsonen bestelako proiektuetan dago Euskal Herrian azken 25 urteetan grabatutako musikarik zirraragarrienetarikoa.

Duela lau urte hil zen, apiril amaieran. Cancer Moonetik hasi eta hariari tiraka hasteko gonbita egin nahi diot irakurleari.

Berria egunkarian argitaratua (2012-V-03).

Musika atalean publikatua | , , , , , , , , , , , hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

Alu matxinatuak askatu!

Gaur Pussy Riot (Alu matxinada) punk talde feminista errusiarreko hiru kide epaituko dituzte, Moskun. Taldea irail amaieran sortu zuten, Putinek berriz hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarri zuenean. Emakume anonimo batzuek osatzen dute, eta burua kolore biziz estalita agertzen dira jendaurrean. Putinen kontra aritzeaz gainera, emakumeen eta gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatu, musikaren eta artearen arloetan diskurtso politiko ausartagoa sortzen saiatu eta diskurtso publikoan gizonek duten nagusitasuna salatu nahi dute, elkarrizketetan esan dutenaren arabera. Ez dute areto pribatuetan kontzerturik egiten, haien printzipioen kontrakoa omen delako. Leku publikoetan jotzen dute, abisurik eman gabe. Plaza Gorrian, kartzela baten teilatuan, metro geltokietan eta bestelako lekuetan jo dute orain arte. Baina Moskuko katedral ortodoxo batean egindako saioagatik epaituko dituzte gaur. Otsailaren 21ean, aldarera igo eta «Andre Maria, izan zaitez feminista / Andre Maria, bidal ezazu Putin» esaten zuen otoitz punk-a kantatu zuten, jantzi koloredunekin saltoka ari zirela. Minutu bat baino gutxiago iraun zuten, haiek bidali baitzituzten Ama Birjinaren zaindariek. Horren ondorioz, taldeko ustezko kide bi atxilotu zituzten martxoaren 4an, eta epaiketan testigu ari zen beste bat 15ean. Esan dudan bezala, gaur da epaiketa, eta zazpi urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat. Zenbait errusiar eskandalizatuta omen daude. Apaiz ortodoxo batek esan duenez, orain errusiarrek badakite feminismoarena eta punkarena deabruzko kopula dela.

Euskal Herrian, urrun da Las Vulpesek Me gusta ser una zorra-rekin hautsak harrotu zituen garaia, baina Medeak-ek, Bilgune Feministak eta bestelako talde batzuek egiten dituzte lantzean behin alu matxinadarako ekintzak, zorionez. Ez legoke gaizki elizaren kupularen baten babespean hemen ere deabruzko kopulak zenbat gustatzen zaizkigun gogoraraztea.

Berria egunkarian argitaratua (2012-IV-19).

Musika atalean publikatua | , , , , , hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

Modernoak

Ez dut uste inoiz metro koadroko hainbeste moderno ikusi dudanik», esan zidan lagun batek Relámpago izeneko jaian orain dela bizpahiru aste. Oso sinplista jarrita, esan genezake izendatzen dituen norbanako edo taldeak baino musika bitxiagoa, haiek baino arropa bitxiagoak janzten dituzten pertsonak direla modernoak. Baina, batez ere, bitxitasun horren atzean dagoen hutsaltasuna kritikatzeko erabiltzen da terminoa. Modernoak: norbera ez diren pertsona horiek. Izan ere, modernoak beti dira gainerakoak. Beste bat sortzeko bidea dela esango nuke, norbere burua hutsaltasunetik kanpo dagoela adierazteko modu bat. Gainerakoak dira hutsalak, ni ez. Bereziki, modernoez hitz egiten duten gehienak modernotzat hartuak izan daitezkeenak direlako. Moderno punturen bat ez dutenek ez dute modernoez hitz egiten.

Musikan nahiko ohikoa da gustuen arabera elkar kritikatzea. Indieak Euskal Rock Erradikala entzuten duena kritikatuko du zaharkitua geratu delako. Punkak, indiea, pijokeriak entzuten dituelako. «Izorra daitezela indie moderno horiek», irakurri dut toki askotan, garagardo marka baten izena duen jaialdi batek metal taldeak eramango dituela eta, merkatuak metala ere modernotu dezakeela kontuan hartu gabe; halaber, aintzat hartu gabe indie moderno horientzat metala entzuten duten batzuk direla agian moderno.

Niri ez ninduten sekula moderno esan dioptria kopurua handitu zitzaidan arte. Nire hutsaltasunari ez zioten lehenago erreparatu, nonbait. Eta moderno deitu didatela eta, nik ere baliatu nahi dut zutabe hau ni salbatuko nauen bestea sortzeko. Horrenbestez, idatziko dut lagunari esan niola jaian parte hartzen ari ziren horiek guztiak ez zirela modernoak, izatekotan, postmodernoak zirela. Oro har, modernotzat hartzen direnak hurbilago daudelako, egotekotan, postmodernismorik hutsalenetik modernitatetik baino. Eta nik, aukeran, nahiago dudalako modernitate estetikoa postmodernitatea baino.

Berria egunkarian argitaratua (2012-IV-05).

Musika atalean publikatua | , , hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

‘She is very talented’

Duela bi urte New Yorken izan nintzen hilabetez. Bizitzako kasualitateei esker, hango punk giroan oso sartuta zegoen tipo bat ezagutu nuen, eta hainbat kontzertutara joan nintzen beraren eskutik. Harritu egin ninduen zuzenean entzun nituen nesken talde kopuruak, eta talde politizatuak ziren, gainera: elastiko feministak edo riot grrrl taldeenak janzten zituzten, hitzak ere halakoxeak ziren, diy filosofiaren arabera funtzionatzen zuten. Agertoki gainean performatzeko orduan ere, hain urduri jartzen nauten rockero gogorraren eredutik aldentzen ziren, pose matxoak alboratu edo modu ironikoan berregiten zituzten. Hango ikusleen testosterona maila baxuak ere harritu ninduen, bereziki gizonen artean. «She is very talented» zen nire lagunak gehien errepikatzen zuen esaldia. Nabaria egin zitzaidan riot grrrl mugimenduak han izan zuen eragina; feminismoa haien musikagintzaren lehen planoan jarrita, normalizatuta zeuden zenbait jarrera kritikatuz eta haien aurrean ekintza zuzena erabiliz, normaltasunez ari zirenen kritikak indargabetuz, aurrerapausoak egin zirela iruditu zitzaidan.

Ziur hango feministak ez direla nirekin ados egongo. Nik ikusi ez nituen alde ilun guztiak erakutsiko zizkidatela hau irakurriko balute, egiteko dituzten guztiak zerrendatu; eta eskerrak. Baina Euskal Herriarekin alderatuta, paradisua iruditu zitzaidan. Bueltan betikoa aurkitu nuen: emakume gutxi taldeetan, pose eta jarrera matxoen normaltasuna, ikuspegi feministaren falta. Hemen denak gara feministak hitzez, baina ez da egoera zalantzan jartzen.

Horregatik hartu dut pozez Emarock izeneko elkarte bat sortu izana. Informazio askorik ez dago haiei buruz, eta batek daki nondik joko duten. Haien erabakia da, jakina. Baina egoerari buelta eman nahi badiogu, beharrezkoa da musika feminismotik berriz pentsatzea, egoera normalizatuak zalantzan jartzen hastea, bestelako giroa izango duten kontzertuak proposatzea.

Berria egunkarian argitaratua (2012-III-24).

Musika atalean publikatua | , , hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

Kritikaren beharraz

Nahiko nuke Euskal Herriko taldeek argitaratutako diskoen kritikak biltzen dituen hemeroteka bat egotea. Disko bati egin zaizkion kritika guztiak toki berean bilduta edukitzea. Aspaldikoak, oraingoak. Vulpesen Me gusta zer una zorra / Inkisición-ek, Duten At-ek, Lisabören Ezarian-ek bere sasoian ze iritzi piztu zituzten irakurtzea, eta orain dugun ikuspegiarekin alderatzea. Gaur egungo disko bakoitzaren zenbait kritika bata bestearen ostean irakurri ahal izatea. Kritikariarekin haserretzea, kritikariarekin ados egotea.

Arazoa da gaur egun behintzat ez dela diskoen —edo kontzertuen— kritika gehiegirik egiten gurean. Eta ez da izango kritikari eta kazetari onik ez dagoelako. Baina Entzun urtean behin argitaratzen da. Izu Giroa-k bere erritmoa du. Mondosonoro-n eta Gaztezulo-n diskoen kritika bakoitzerako espazioa laburregia da. Egunkarietan eta blogetan oso gutxi dira diskoen kritikarako tarteak. Gainera, kontuan hartu behar da argitaratzen diren kritika guztiak ez direla hemengo taldeenak. Eta beharrezkoa ikusten dut hemengo taldeen diskoen kritikak egitea. Taldeak egindako lanak merezi du diskoak adi entzun eta iritzia zintzotasunez emango duten pertsonak egotea, komentario hutsean geratu gabe. Kritika gutxi egiten badira, hitz onak baino ez ditugu entzuten; oro har, nork gustuko izan duenaz idazten du, eta ezin dugu jakin kritikatu gabe geratutakoak txarrak diren edo oharkabean pasatu diren.

Kritika beharrezkoa da. Musikari buruzko eztabaida sortzeko, diskoen balioaz eztabaidatzeko, ikuspuntu ezberdinak erkatzeko. Euskal Herrian dagoen diskoen ekoizpen ikaragarrian, promoziorako hainbeste bitarteko ez dituzten talde eta diskoetxe txikiek egindako lan onei behar duten lekua emateko. Merkatuak agin ez dezan. Hemendik urte batzuetara egungo diskoei buruzko iritziak irakurtzeko. Disko batzuen handitasuna edo txikitasuna erlatibizatzeko, kritika ezberdinei begiratuta. Musikaren gaineko ikuspegi kritikoa eraikitzen hasteko.

Berria egunkarian argitaratua (2012-III-8).

Musika atalean publikatua | , , , , , , , , , , hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

Kafe aleak: 121 pertsona 121 diskori buruz (aurresalmenta eta mezenasak)

(Kafea eta Galletak ezagutzen ez duzuenontzat azalpena txapa sartu baino lehen -besteok saltatu-: K&G azken lauzpabost urteetan Gernikako gaztetxean antolatu dugun disko-foruma da. Kontua oso sinplea da: musika talde bati disko bat aukeratzeko eskatu, eta larunbat arratsalde batean biltzen gara diskoa entzun -kafea eta galletak hartzen ditugun bitartean- eta, bukatutakoan, aukeratu duen taldearen kontzertua ikusteko. Hasieran hilean behin egiten genuen, baina Bartzelonan nagoenetik dena moteldu da eta irailetik hiru saio baino ez ditugu egin. Hurrengo saioa ekainaren 23an egingo dugu. Dena modu autogestionatuan egiten saiatzen gara, eta taldeei ordaintzen diegu, gutxi bada ere -saioetan ateratakoa baino gehiago, hori bai-. Oraindik ez dugu lortu guk nahi beste emakumek jotzea saioetan).

2010eko udazkenean, gaueko ordu txikietan hizketan ari ginela, liburu bat egin behar genuela okurritu zitzaigun bioi. Kafea eta galletaki buruz ari ginen hitz egiten: musikarik egiten ez zituzten zenbait pertsonak (kontzertuetan ezagututako lagunak, musikari edo bestelako kontuei buruz gustura irakurtzen genituen pertsonak) ere saioetarako diskoak aukeratzea nahiko genukeela, baina kontua antolatzen genuen eran, ezinezkoa zela. Horrela bururatu zitzaigun jende horri guztiari liburu batean parte hartzera gonbidatzea. Disko bat aukeratu eta hari buruz idazteko proposamena egin zitzaien, hain zuzen ere. Zenbait marrazkilari eta argazkilari batu ziren proiektura. Erantzuna oso ona izan da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei. Liburua irailean izango dugu esku artean (bai, hainbat gauza direla-eta asko luzatu da kontua). Ez dugu uste horrelako okurrentzia gehiago izango dugunik. Ugh.

Atzo liburua aldez aurretik erosteko edo mezenas izateko aukera eskaintzeko e-maila bidali genien hainbat pertsonari. Hemen kopiatzen dugu. Norbaitek liburua nahi izanez gero, behean aurkituko ditu argibideak. Zerbait argi geratzen ez bada, idatzi. Hauxe da gure kontaktua: kafeaetagalletak (a bildua) gmail.com. Liburuak copyleft lizentzia izango du eta diru-laguntzarik gabe argitaratuko dugu (erosleen eta gure diruarekin).

Eskerrik asko eta besarkada bana!

Leire eta Ibon

—————————————
Gure azken proiektuaren berri emateko idazten dizuegu. Azken urte eta erdian, liburu bat prestatzen ibili gara. Liburuak 121 pertsonak idatzitako 121 diskori buruzko testuak biltzen ditu. Kontzertuetan eta bestelakoetan ezagututako musikazaleei, musika kazetari eta kritikariei, diskoetxeen arduradunei eta bestelako kultur eragileri eskatu genien disko bat aukeratu eta hari buruzko testu bat idazteko (musikariak kanpoan utzi genituen). Ikuspuntua haien esku utzi genuen: izan zitekeen musikari estuki lotutakoa, politikoa, pertsonala. Hainbeste ikuspunturen arteko nahasketa. Baiezkoa eman ziguten lagunen testuak jasoko ditu liburuak. Tamalez, berandu ezagutu genituen zenbait pertsonari ezin izan genien proposamena egin.

Urte eta erdi denbora asko da liburu batekin bueltaka ibiltzeko. Bizitzako hainbat gertaerak, testuen itzulpenak, zuzenketak, maketazioak, bidean aurkitutako zenbait arazok, argitalpena luzatu dute.

Kafe aleak izango da liburuaren izena, eta irailean argitaratuko da. Besteak beste, talde hauei buruzko testuak idatzi dituzte: The Smith, Bikini Kill, Bap!, Fugazi, Palace, Marvin Gaye, Chavela Vargas, Benito Lertxundi, Lole y Manuel, Dut, Janis Joplin, J.S. Bach, Tom Waits, Ruido de Rabia. Idazleen izenik ez dugu emango oraingoz. Gutxi batzuk aukeratzea ez litzateke gainerakoentzako justua; gainera, misterio apur bat gordetzea ere ez da txarra izaten. Jende interesgarriak parte hartu du, ziur izan (eta ikaragarri eskertzen diegu parte hartu izana).

Liburua argitaratzeko dirua biltzen hasteko eta zenbateko tirada egingo dugun kalkulatzeko, aurresalmenta eta mezenas bidezko laguntza sistemak jarriko ditugu martxan. Liburu bat aurrez erosi edo mezenas izan nahi baduzu, idatzi eta prozedura azalduko dizugu.

  • Aurresalmenta: Nahi izanez gero, 14 eurotan eros daiteke liburua. Argitaratu bezain laster bidaliko dizugu, bidalketa gasturik gabe.
  • Mezenasak edo laguntzaileak: Laguntzaileon zeregina izango da gutxienez 3-4-5… liburu erostea, prezio merkeagoan, ondoren gehienez 15 euroan saltzeko (edo oparitzeko, erosleak nahiago duena).Hauxe da, hortaz, gure eskaintza3 liburu = 40 €
    4 liburu = 50 €
    5 liburu = 60 €(eskaera handiagoetarako, prezio bereziagoak).

Horrez gainera, liburua zuen inguruan zein tokitan jarri dezakegun salgai gomendatzea eskertuko genizueke: gaztetxeak, tabernak, liburudendak… Gune autogestionatuen, gustuko tabernen eta liburu-denda txikien aldeko apustua egin nahi dugu liburua saltzeko.

Hemen bukatzen da gure azalpena. Kontzertuetan ikusiko dugu elkar. Besarkada bana eta eskerrik asko beste aldean egoteagatik!

Kafea eta galletak

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi