Agertokia geure egin

Bihar, maiatzak 10, MEFSST musika jardunaldi/jaialdiaren bigarren edizioa egingo da. Oso egun inportantea Euskal Herriko musikazale eta feminista batzuontzat behintzat. Hori dela eta, Argiako urtekarirako azaroan idatzitako artikulu hau argitaratzen dut hemen, iazko MEFSST aipatzen baita. Aldaketaren bat egin diot, ez nengoelako batere gustura jatorrizkoan bollerak eta transak ez aipatzearekin.

          Urteak emandakoari begiratzen diodanean, gero eta joera handiagoa dut faltan sumatzen dudanari erreparatzeko: etorkinek egindako musika gehiago entzutea, gu baino pobreago diren herrialdeetako musiken inguruko elitismoa atzean uztea (regetoia, kuduroa, cumbia…), uneari lotutako letra politiko berritzaileak entzutea, betiko kontuez betiko moduan hitz egiten digutenak entzun beharrean, musika estiloen aberastasuna, lizentzia libreen zabalpena…

          Emakume, bollera, transen eta diskurtso feministaren falta da azken urteotan mingarrien egiten zaidana (irakur bedi bollera eta trans ere emakume esaten dudan bakoitzean hemendik aurrera). Musikaren arloan emakumeen presentzia gutxien duen jendarterik feministena da Euskal Herria. Ez dut musikaren esparruan dabiltzan emakumeen gaineko datu zehatzik, baina nahikoa da agertoki gainera, diskoetara, prentsara, kontzertuen antolaketara, arlo teknikora begiratzea gizonen aldean kopurua oso txikia dela jakiteko. Lan produktiboan topera sartu izanak erakutsi digu emakumeek arlo batean lehenago izan ez zuten presentzia edukitzen hasteak ez duela jendartearen izaera patriarkala konpontzen, asko jota, itxurazko normalizazio bat sortzen duela, zapalkuntzarik ez dagoela justifikatu nahi dutenei argudioak emanez. Euskal musikan normalizazio itxura emateko aukerarik ere ez dago.

          Oraindik orain, emakumeez osatutako taldeak salbuespen dira Euskal Herrian eta, baten bat sortuz gero, “emakumeen talde” kategoria apolitikoan sartzea ez da arraroa izaten, emakumeok ez baitugu egiten rapa, popa, dubstepa edo punka. Taula gainera igotzen diren emakumeen artean, ahots fineko kantari dira gehienak, ez bateria-jotzaile, ez gitarrista, ez ahots butchdun kantari. Egoera penagarriagoa da diskoetxeetako aginte postuetara, kontzertuen antolaketara, prentsara begiratzen badugu, eta teknikariei erreparatuz gero zer esanik ez. Baina ez da emakume kopuru kontu bat bakarrik, jakina. Esaterako, gorputzen performatibitateak ere garrantzi handia du musikan, bereziki kontzertuetan. Agertoki gaineko matxotearen posea batzuetan hain naturalizatuta dago, bereziki musika estilo batzuetan, ikusi ere ez dela egiten. Nork pentsatuko du performatzen dabilela egiten dituenak pose naturalak direla ikasi badu bere erreferenteetan? Naturala da, neskek ile luzea eramatea naturala den bezalaxe. Eta eszenatoki azpian… nork betetzen du lasaitasunez espazioa? Nork parte hartzen du pogoetan? Ladyfest kolektiboak, esaterako, zainketetan oinarritutako pogo feministak egiten hastea proposatu du, indartsu ez garen neska-mutilek ere parte hartu ahal izateko. Indarra ikuspegi politikoan dago, ez gogortasunean. Beste baterako utziko ditugu kanten hitz sexistak, agertoki gainera igotzeko behar omen diren barrabilak (edo obarioak) eta politikariei taula gainetik “putakume” deitzearena.

          Jokin Azpiazu Carballo soziologoak honela zioen artikulu batean: “berdintasunarekin ezinbestean norbaitek galdu beharko du. Eta hori oso ondo dago, azken finean batzuk jabetu (enpoderatu) behar badira, beste batzuk desjabetu beharko gara. Baina garbi utzi beharko genuke hori ez dela abantaila izango, “jabetuak” izaten ohituak gaudelako, baina egin beharrekoa izango da”. Musikaren arloan ere gizonek euren pribilegioak zalantzan jartzea beharrezkoa da.

          Maitzean MEFSST!! Musika Errebolta Feminista jaialdia egin zen Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Zenbait dokumental ikusi ziren, ume eta neskentzako jam sesioak egin, kontzertuak, eta 80-100 pertsonak parte hartu zuten musikaz eta feminismoaz egin zen eztabaidan. Interesa dagoela argi dago. Musikaren arloan egoera horrela egoteak erroa patriarkatuan duela esatea ez da nahikoa; emakumeak musikan barneratzeko, musika egiten, idazten, kontzertuak antolatzen, teknikari lanak egiten hasi behar dugu. Musika eta feminismoaz diharduen “Tomar el escenario” dokumentalean Elena Cabrera diskoetxe arduradunak dioen bezala, emakumeok agertokia hartu behar dugu, ez agertokira igo bakarrik, hartu eta geure egin. Zarautzen bertan azaro amaieran egindako bertsio gauean inoiz baino emakume gehiago ikusi nituen agertoki gainean, denetariko tresnak jotzen, ahots ezberdinez kantatzen. Agertokia eurena egiten. Ez dut uste kasualitatea denik.

pottors                                       Argazkian: Pottors ta klito faboritak

 

 

Advertisements
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s