Diru publikoa

Joan den astean jakin genuen Gürtel auziko epailea Summercase musika jaialdia ikertzen ari dela, auzian nahasita egon daitekeelakoan. Summercase 2006 eta 2008 bitartean Bartzelonan eta Madrileko Boadilla del Monten egin zen indie jaialdia izan zen; besteak beste, Chemical Brothers, Rufus Wainwright, Primal Scream eta Belle & Sebastianek jo zuten. Antza denez, jaialdia komisioen banaketa estaltzeko erabili ote zuten aztertzen ari da epailea.

Diru publikoz lagundutako gure jaialdi handietan pentsatu nuen, ez Gürtel auziaren antzekorik dagoela uste dudalako -hemen gauzak hobeto egiten ditugu-. Kopuruak bilatzen hasi, eta ikusi nuen Bilboko udalak, adibide bat jartzearren, 1.460.000 euro bideratu dituela aurtengo aurrekontuan BBK Live jaialdia diruz laguntzera (Bilduk aurrekontuei egindako kritikatik hartu dut datua). Ez dakit zer jasotzen duen trukean Bilboko herriak. Esango dit norbaitek jatetxeek, hotelek, turismotik dirua ateratzen duten gainerako sektoreek irabazten dutela, eta horrek hiriaren batez besteko aberastasuna handitzen duela, baina zenbaitek Euskal Herrian eredu horren alde egin badute ere, eredu bakarra balitz bezala gainera, kultura ez da turismoa erakartzeko bitarteko bat, eta turismoa ez da kulturaren bidez aberastasuna sortzeko bide bakarra -adierazgarria da, esate baterako, musika jaialdi batek kulturarekin zerikusirik ez duten sektoreetan sortzea irabazi gehien-.

Musikak diru publikoa behar du, baina ez sektoreko gutxi batzuen negozioa bermatzeko. Etorkizuneko ikuspegi batekin inbertitu behar da: beharrezkoak dira entsaiatzeko lokal publikoak, kontzertu areto sare txukuna, bereziki talde hasiberrientzat, musika ikasketak, kontzertu txikiak, musika artxibo digital eta fisikoak eta abar. Azpiegitura batzuk sortu eta beste batzuk sendotu. Bereziki, musikaren arloko kideei eta gainerako herritarrei erabakietan parte hartzeko aukera eman behar zaie. Horixe da aberastasuna.

Berria egunkarian argitaratua (2012-07-12).

Advertisements
Post hau Musika atalean eta , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s